Oraingo honetan, Batxilergoko ikasle batzuek garatzen daben kart elektrikoaren proiektuari buruz gehiago jakin nahi izan dogu. Proiektu hau, automobilismoak gazteengan pizten dauan emozioaz baliatzen da, gazteek Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren (STEM) esparruan daukeen potentziala pizteko.
Euren proiektuari buruz gehiago jakin nahi? Ondoren daukazu zehaztapen gehiago.
Nondik sortu zan ideia?
Batxilergoko Teknologia irakasgaiaren esparruan proposatu zan GreenPower Iberia esperientzian parte hartzeko aukera; ikasleek diseinatu eta eraikitako karts elektrikoen estatuko lehiaketan.
Eta zein da, zehazki, esku artean daukazuen erronka?
Oinarrizko kit estandar batetik abiatuta, gure kart elektrikoa diseinatu eta eraiki behar dogu, gero kartaren erresistentzia frogatzen daben lasterketa desberdinetan lehiatzeko. Dagoeneko bi ikastaro egin doguz proiektu honetan, baina Covid-aren ondoriozko egoerak eragina izan dau bilakaeran eta geldiuneak ere izan doguz bidean.
Ikasturte honetan F24+ kategorian gagoz, eta bertan batxilergoko, lanbide-heziketako eta unibertsitateetako beste gazte batzuekaz batera gagoz.
Zenbat pertsona zagoze proiektu honetan sartuta?
Gaur egun 11 kide gara taldean eta auto bategaz lehiatzen gara.
Eta zer azpimarratuko zeunkie proiektu honetako gauzarik interesgarriena bezala?
Gure interesekaz bat egiten dauan zerbait praktikoa egitekoak irakasgaiarekiko motibazio gehigarria emoten deusku. Oinarri horretatik abiatuta, askoz gehiago ikasten dogu. Baina, gainera, ingeniaritzari, mekanikari eta tresneriari dagokienez ez ezik, talde-proiektu batean murgiltzeak dakarrenari dagokionez ere ikasten dogu. 3 azpitaldetan antolatu gara, eta bakoitzak zeregin jakin bat garatzen dau, eta horrek beragaz dakar plangintzaren eta talde-lanaren esparruan ere ikastea.
Kontua ez da bakarrik orduan nork egiten dauan autorik onena. Askoz haratago doa, ezta?
Hori da, talde guztiak kit estandar batetik abiatzen gara, baina hortik aurrera, ingeniaritzan, mekanikan, elektrizitatean eta taldean funtzionatzeko trebetasunean daukaguzan ezagutzak dira kart bat diseinatu eta sortzen laguntzen deuskuenak, ikuspegi aerodinamiko eta mekanikotik lasterketetan besteak baino erresistenteagoa dala erakusteko.
Irakaslea, esperientzia honetan, bat gehiago da, ikasleak gara proiektuaren buru eta erabakiak hartzen dogunak, bidean dakarzan ikasketa guztiak barne.
Oso interesgarria, egia esan. Eta zein lasterketatan egoteko zarie?
Estatu mailan antolatzen diren lasterketa guztien artean, geografikoki hurbilen dagozan lasterketetara joateko asmoa daukagu: Nafarroara eta Asturiasera, batez ere.
Eta gaur egunean zein puntutan zagoze?
Autoa martxorako prest izan nahi dogu, eta, horretarako, finantzaketa bilatzeko fasean gagoz. Izan ere, edozein ekarpen txiki garrantzitsua da guretzat. Ikastolako aita bat, adibidez, gugana hurbildu zan eta lehiaketako kamisetak oparitu euskuzan, bere enpresaren logotipoagaz serigrafiatuak. Dana da ekarpen bat guretzako.
Karreren emaitzaz haratago, lasterketetan parte hartu ahal izatea lorpen bat da guretzat, zentzua emoten bait deutso proiektu honetan inbertitutako denbora guztiari; ez bakarrik eskola-ordutegian, baita borondatez, arratsaldez edo asteburuetan proiektuari eskaintzen deutsogun denborari ere. Beraz, laguntza guztiak esker onez hartzen doguz.
Eta zelan jar daiteke zuekaz harremanetan edozein interesdun?
Gure web orriaren edo Instagram kontuaren bidez egin daikezue eta pozik egongo gara.