Lauaxetan ikasketak amaitzear dagozan ikasleek eta seme-alabek, ondoren zer ikasi eta zertan aritu nahi daben erabaki behar dabe. Batzuetan argi dauke, eta beste batzuetan ez hainbeste, baina erabaki garrantzitsua da, eta batzuetan itota sentitzen dira. Laguntzeko asmoz, hainbat ekimen garatzen doguz. Atzo egindakoa ezagutu nahi dozu?
Batxilergoko 2. mailako ikasleek Jon Segoviagaz hausnartzeko aukera izan eben, eta zenbait pista gehiago jaso ebezan une honetan esku artean daukeen erabakia hartzeko. Esaterako:
– Adimen emozionalak gure bizitzan daukan garrantzia, eta gure intelijentzia kozientetik harago gure emozioak kudeatzeko daukagun trebetasunak gure bizitzan izango dauan eragina kontuan hartzea.
– “Begietan distira sortzen deuskuen gauza horreei” aditzea, gusturago egiten dogun horreri begiratzea.
– Ondo emoten jakunari adi egotea, eta gure ikuspuntua ez ezik ezagutzen gaituztenena ere kontuan hartzea.
– Kontuan izatea karrera bat aukeratzea ez dala erraza, baina ikaskuntza bizitza osoan zehar garatzen dala eta erabakiagaz gustora egon ez arren gure mundua, garapena eta aukerak ez dauzala erabaki horrek soilik baldintzatzen.
– Bizitza osoan norberaren barnea entzuteak eta gure urratsak une bakoitzean dardara eragiten deuskun horretara bideratzeak daukan garrantzia; izan ere, urteen eta esperientzien poderioz, gehiago ezagutzen dogu geure burua.
– Karreraren ondoren ere egiten danaren garrantzia: masterrak, bizitza- eta ikaskuntza-esperientziak eta, azken batean, gure garapen pertsonala motibatu eta sustatuko daben erronkak finkatzea.
– Erabakiak hartzea erraztu daikeen beste alderdi batzuk kontuan hartzea, hala nola: gustatzen ez jakuna baztertzea, sarbide gisa eskatzen dan mozketa-nota edota ikasketa bakoitzari lotutako alderdi ekonomikoa.
Gogoeta horreek, beste batzuekaz batera, erabakiak hartzeko orduan lagungarri izatea eta orientatzea espero dogu.
Lauaxetan ildo beretik egiten diran beste ekintza batzuk ezagutzeko, esteka honetan ere sartu zaitekez.
Aurrera!