Saskian 0 produktu daukazu/dituzu.
Egun hauetan Lauaxetaren Kulturlab gunean esperientzia zoragarri batean murgilduta egon gara! Haur Literatura Aretoa, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko ekitaldia, euskarazko haur eta gazte literatura sustatzeko eta zabaltzeko ikuspegi berezia duena. Proiektu hau Berbaro elkartearen eta Amorebieta-Etxanoko udalaren lankidetzari esker gauzatu da, besteak beste.
Ekitaldian zehar, jarduera aberasgarri eta dibertigarriak antolatu ditugu:
- Ipuin musikalizatua: Munduko bazter guztietatik etorritako pertsonaiak Lauaxetara joan ziren beren istorioak kontatzera, eta, gaztetxoen irudimenaren eta ilusioaren laguntzaz, istorio magiko horien parte ere bihurtu zituzten.
- Antzerkia: 8 eta 10 urte bitarteko haur eta gazteentzat bereziki diseinatutako obra, interpretazioaren bidez literaturaren munduan murgiltzera gonbidatzen dituena.
- Sormen tailerra: Gazteen artean sormen grina pizteko gunea. Tailer honetan, sormena blokeatzen duten beldurrak eta oztopoak identifikatzen lan egiten dugu, eta horiek gainditzeko eta haien adierazpen artistikorako gaitasuna sustatzeko hainbat teknika aztertzen ditugu.
- Liburu erraldoia: Ikastolaz ikastola dabilen liburu ibiltaria, bisita bakoitzean gehitzen den orrialde berri bakoitzarekin hazi eta bizitu egiten dena. Proiektu komunitario bat da, haurren parte-hartze aktiboa bultzatzen duena, historia kolektibo baten sorreran txertatuz.
- Irakurgida: Urtero euskaraz argitaratzen diren haur eta gazte literaturako liburuen katalogoa, aurreko urteko gomendioak barne. Galtzagorri Elkarteak eta Huheziko fakultateak egindako gida hau ikasle guztiei banatzen zaie, eta Berbaroren webgunean ere eskuragarri dago, interesa duten guztiek bertara sartzeko aukera izan dezaten.
Oso pozik gaude sormena eta irakurketa euskararekin uztartu diren gune hau garatu ahal izan dugulako, eta espero dugu jarduera hauek irakurle belaunaldi berriak inspiratzen jarraitzea. Haur Literatura Azokaren hurrengo edizioan ikusiko dugu elkar!