Urteak aurrera joan ahala, guztiongan sortarazten dau nolabaiteko zirrara, gazteago gineneko norbaitegaz harremana berreskuratzea. Horrela da baita Lauaxetan. Izan ere, ikasleek, euren bizitzetako 16 urte emoten dabez kasu askotan gure artean eta 16 urtetako bizipenak, ez dira egun batetik bestera ahaztekoak. Horregatik, ikasle ohien bat gugana bueltatzen danean, pozgarria izaten da guretzat. Amaia Ortega Lauaxetako ikasle ohia dogu. Jakin nahi gehiago istorio honeri buruz?
Amaiak 2007. urtean bukatu ebazan ikasketak Lauaxetan. Hemendik gerora interpretazioa ikasi eban arren, irakaskuntzara bideratu eban bere ogibidea eta orain, telebistako munduan zehargo euskaldunen programa horren protagonista balitz moduan, gaztelerako irakasle lanetan ari da Estoniako Rocca al Mare ikastolan. 13 urte geroago, barriro ere bueltan daukagu, Lauaxeta Ikastolagaz, hizkuntza arloan, proiektu amankomunak sortzeko proposamenagaz.
Zelan bururatu jatzun Lauaxeta Ikastolara bueltatzea?
Nik ikastolatik gerora ikasitakoa, ikastolara bueltatzea polita izan litekeela iruditu jatan eta hori proiektu erreal baten bitartez gauzatzea. Horretarako, Nerea Aburtogaz , Lauaxeta Ikastolako Gaztelaniako irakasleagaz, harremanetan jarri eta ideia honeri forma emoten hasi ginan.
Eta zergatik Lauaxeta?
Munduan zehar ibili arren, nik nire motxilan daroadan gertuko jendearen artean, Lauaxetako jendea sentitzen dot eta hasiera batean alde bietatik egoan konexio hori ez galtzeko aukera aproposa eritzi neuntson. Guztiz desberdina izango litzateke hasieratik ezagutzen ez naben ikastola batean proiektu bera proposatzea. Gainera, banekien ongietorri jasoko nebala. Hainbeste ordu eta egun bertan pasatuta, lehenengo etxea izan zan gutariko ikasle askorentzat.
Ze ona hori sentitzea. Eta zer proiektu eroan dozue aurrera?
Hasiera batean, ez da erreza zerbait amankomuna eta alde bien beharrizanak asetuko dauzan proiektua definitzea. Orduan, zerbait sinpletik hasi ginen eta DBH 1. mailako Gabonetako eskutitzak elkar trukatzea izan zan ideia. Lauaxetako ikastolatik eskutitzak Estoniara eta Estoniako Rocca al Mare ikastolatik Lauaxetara. Pasa dan urtean egin genduan lehenengo aldiz. 2019-2020 kurtsoko Gabonetan, hain zuzen ere. Aurtengo 2020-2021 kurtsoko Gabonetan, iazko arrakasta ikusirik, barriz ere egin izan da.
Eta, zelan baloratzen dozu esperientzia?
Oso ondo joan da. Ikasleak, behin eskutitzak jasota, pozik ikusten doguz, konexio hori sortuta eta horren eraginez motibatuago. Normalean, testu bat idazteko eskatzen deutsedanean, tira-biran aritu behar gara ea zer luzera…edo ea bi esaldigaz nahikoa dan. Proiektu honegaz alderantziz pasa jaku. Idatzitako testua, ikasle kanpotar erreal batentzako dala ulertzen dabenean jarrera guztiz aldatu eta gustu handiz hartzen dabe idaztea.
Eta etorkizunera begira beste proiekturen bat elkarbanatzeko intentziorik bai?
Badagoz beste proiektu batzuk abian jarrita. Kasu honetan, DBH 2.mailako ikasleentzako bideratuta. Eskutitzak elkarbanatu beharrean, beste motatako edukiak garatu eta konpartitzeko intentzioa daukagu. Herrialde bakoitzeko tradizioak beste herrialdeko kideei erakustea da helburua, bideo bat eginez; ideia polita izan daitekeela uste dot. Oraindik, adostuta besterik ez daukagu. Posible bada, aurten egingo dogu eta horrela, eskutitzak idatzi dabezen letra ezagutzeaz gain, euren aurpegia ere alkar ezagutzeko aukera izango dabe.
Duda barik, aberasgarria da ikaskuntza prozesua horrelako ekimenen bitartez gauzatzea. Kultura eta tradizio desberdinak partekatzea eta batez ere, hizkuntzen alorrean aurrera pausoak emotea, hezkuntza konbentzionaletik irteten diran proiektuen bitartez. Horretaz gain, guretzako pozgarria ikasle ohiak gugana bueltatzea eta guztion artean ikasten dogun horretaz baliotu eta alkar aberastea. Horretatik ere, gure ikasleak aberastu egiten dira, zalantza gabe. Eskerrik asko ba Amaia, zure istorioa partekatzearren eta aurrera.