Uda deskantsatzeko eta urtean zehar egin ezin ditugun plan eta ekintza horrek egiteko balio izana espero dugu. Ongi etorriak bihotz bihotzez!
Aurreko urteetan bezala, 2023-24 ikasturtea ere erronkaz, ametsez eta proiektuz beterik datorkigu, eta urtero bezala, Iraileko lehenengo egun hauek, urduritasun egunak izaten dira: ikaskide berriak ikusteko ilusioa, oporrak amaitzen direnaren pena, eta ikasturte berrirako helburu eta ilusioak, denak batera. Lauaxetara lehenengoz datozen familien kasuan ziurrenik urduritasun hau handiagoa izango da gainera, baina lasai, bidean agertzen diren oztopoei aurre egingo diegu eta.
Izan zaitezte ongi etorriak eta ez izan dudarik zuen seme-alabeen tutoreei edozein zalantza argitzeko laguntza eskatzeko orduan. Aldi berean, ziur nago ibilbide luzeagodun esperientzia duten familiek ere gogotsu lagunduko zaituztela egokitzapena prozesu honetan. Ikastolako gazteenen gurasoei zuzendu nahiko genuke bereziki. Ikastolako erritmoetara lehen aldiz bi urte edo oraindik bete gabe etortzen diren umeen gurasoei alegia. Gurasoak umeak baino urduriago zaudete ziurrenik. Gure esperientziak dio ahalik eta lasaien jokatu behar duzuela momentu honetan, eskolaratze prozesu hau umeen garapen pertsonalean beste pauso bat delako oinez egiten ikastea edo hitz egiten hastea bezalakoa.
Esan bezala ikasturtea proiektuz eta ilusioz beterik datorkigu. Batzuk Lauaxeta ikastolak berak sorturiko edo aliatu eta partner ezberdinekin garatuko diren ikasketa proiektuak dira, beste batzuk Hezkuntza sistema osoarentzat martxan jarriko den LOMLOE hezkuntza lege berriak dakartzanak, edo Euskal Autonomi Erkidegoan definitzen ari den Hezkuntza Hitzarmen berriak ekarriko dituenak, etab. Aldiro aldiro Ikastolako zirkular, blog eta sare sozial bidez guzti hauen berri emango dizuegu. Ikastolarentzat bereziki garrantzitsua da Ikasleen ongizate fisiko eta emozionala bermatzea, fisikoki eta emozionalki ondo dagoen ikasleak bere 100% emateko aukerak izango dituelako, eta Ikastolatik eskeintzen zaizkion ikasketa esperientzia aberatsak bere osotasunean aprobetxatzeko aukera izango duelako.
Horregaitik Familia- Ikastola (tutoretza lana) komunikazioa oso egokia izatea garrantzitsua da. Amaitzeko hasierako egun hauetan Ikastolatik helduko zaizkizuen komunikazioei harretaz begiratzea eskatzen dizuegu, ikasturtea ondo hasteko informazio garrantzitsua izaten baita.
Besterik gabe, aurten ere ikasle-familia-ikastola talde bezala jokatu behar dugunaren ideiarekin amaitu nahi dut. Ikasle guztiek euren konpetentziei eta eguneroko ahaleginari balioa emon diezaioten eta honetan oinarrituz, ikasturteko helburuak lortu ditzaten, bidean sortu daitezkeen zailtasunei aurre eginez eta eurentzako eta gizartearentzako etorkizun hobeago bat eraikiz.
Aurrera eta besarkada bana!