Izan dugun uda eguzkitsua deskantsatzeko eta ikasturte berriari indarrez ekiteko balio izana espero dugu. 2022-23 ikasturtea ere erronkaz, ametsez eta proiektuz beterik datorkigu, beraz hastera doan ikasturte honen hasieratik eta bukaerarte gure ikasle eta seme alabentzako ikasketa aukera berriak ondo aprobetxatu nahi ditugu.
Zorionez, atzean utzi ditugu azken bi ikasturteetako COVID mugak. Momentuz autobusean bai jarraitu beharko dugula musukoa erabiltzen, baina gainontzeko espazio eta ikasketa eremu guztietan ez da birusaren aurkako neurri berezirik egongo. Beraz Lauaxetako hezkuntza proiektua %100an garatzeko asmoekin hasten dugu ikasturtea.
Eskerrik asko eta zorionak edozein modutan ikasle eta familia guztiei, azken bi urteetan izandako konpromezu, pazientzia eta ulerkotasunagatik.
Iraileko lehenengo egun hauek, urduritasun egunak izaten dira: ikaskide berriak ikusteko ilusioa, oporrak amaitzen direnaren pena, eta ikasturte berrirako helburu eta ilusioak, denak batera.
Lauaxetara lehenengoz datozen familien kasuan ziurrenik urduritasun hau handiagoa izango da gainera, baina lasai, bidean agertzen diren oztopoei aurre egingo diegu eta. Izan zaitezte ongi etorriak eta ez izan dudarik zuen seme-alabeen tutoreei edozein zalantza argitzeko laguntza eskatzeko orduan. Aldi berean, ziur nago ibilbide luzeagodun esperientzia duten familiek ere gogotsu lagunduko zaituztela egokitzapena prozesu honetan.
Ikastolako gazteenen gurasoei zuzendu nahiko genuke bereziki. Ikastolako erritmoetara lehen aldiz bi urte edo oraindik bete gabe etortzen diren umeen gurasoei alegia. Gurasoak umeak baino urduriago zaudete ziurrenik. Gure esperientziak dio ahalik eta lasaien jokatu behar duzuela momentu honetan, eskolaratze prozesu hau umeen garapen pertsonalean beste pauso bat delako oinez egiten ikastea edo hitz egiten hastea bezalakoa.
Esan bezala ikasturtea proiektuz eta ilusioz beterik datorkigu. Batzuk Lauaxeta ikastolak berak sorturiko edo aliatu eta partner ezberdinekin garatuko diren ikasketa proiektuak, beste batzuk Hezkuntza sistema osoarentzat martxan jarriko den LOMLOE hezkuntza lege berriak dakartzanak, edo Euskal Autonomi Erkidegoan definitzen ari den Hezkuntza Hitzarmen berriak ekarriko dituenak, etab. Aldiro aldiro Ikastolako zirkular, bloh eta sare sozial bidez guzti hauen berri emango dizuegu.
Bereziki hasierako egun hauetan Ikastolatik helduko zaizkizuen komunikazioei harretaz begiratzea eskatzen dizuegu, ikasturtea ondo hasteko informazio garrantzitsua izaten baita.
Amaitzeko, aurten ere ikasle-familia-ikastola talde bezala jokatu behar dugunaren ideiarekin amaitu nahi dut. Ikasle guztiek euren konpetentziei eta eguneroko ahaleginari balioa emon diezaioten eta honetan oinarrituz, ikasturteko helburuak lortu ditzaten, bidean sortu daitezkeen zailtasunei aurre eginez eta eurentzako eta gizartearentzako etorkizun hobeago bat eraikiz.
ONGI ETORRIAK! eta elkarlanean jarraitu dezagun.
Aitor Pagaldai
ZUZENDARIA